Hedabidearen nondik norako laburra
Mailope aldizkaria 1990. urtean sortu zen Araitz bailaran. Urtean ale batzuk ateratzen ziren eta bertako jendeak osatzen zuen aldizkaria, eskualdean euskararen erabilera, bereziki euskaraz irakurtzeko ohitura, sustatzeko helburuarekin. Urte batzuk pasatuta aldizkaria hilero ateratzen hasi zen eta Larraun bailarara ere hedatu zen. Aldizkarian gure eskualdeko berriak, baita euskararekin harremana daukatenak ere, lantzen dira.
Hasiera batean boluntario talde batek zeukan aldizkaria aurrera ateratzeko ardura. 2001. urtean Mailope Kultur Elkartea sortu zen eta horren esku gelditu zen aldizkaria. Langile bat kontratatu zen eta aleak banatzeko sistema ere egonkortu zen, gure eskualdearen egitura oso konplikatua baita: herri oso txikiak, sakabanatuak eta populazio gutxikoak.
Langileen kontratazioekin izaten ziren arazoak ekiditeko asmoz, eta aldizkariaren kalitatean urrats bat gehiago emateko helburuarekin, 2010. urtean Labrit Multimedia enpresari eman zitzaion aldizkaria osatzeko eta inprimatzeko ardura. Geroztik Labrit Multimedia arduratzen da aldizkariaren kudeaketaz.
Mailope aldizkariaren maketazioa eta diseinua goitik behera aldatu genuen 2011. urtean, aldizkaria 28 orrialdetik 32ra pasa zen. Ordura arte, azala koloretan zen eta barrualdeko orriak txuri beltzean, orain dena koloretan da.
2015. urtean aldizkariak mende laurdena bete zuen eta hori ospatzeko hainbat jarduera antolatu ziren.
2020. urtean aldizkariak 30 urte egin zituen.
Hedabidearen atalak eta erabilitako hizkuntza
Aldizkariaren atalak urterik urte edota alerik ale alda daitezke. Gaur egun, dena den, ondokoak aipa daitezke Iritzi artikuluak (Iritzia, Luze eta Zabal), Elkarrizketak, Erreportajeak, Hitz aspertuan, Izan Gazte, Albiste anitzak (Batzarre, Kultura, Kirola, Plazatik Plazara), atal motzak (Postontzia, KuxKuxean zoriontzeko, semaforoa, agenda, iragarkiak, merkatu txikia, bertso berriak Mailoperi jarriak,...). Aldizkariak lantzen dituen gaiak era askotakoak dira. Batez ere inguruan gertatzen denaren berri ematen du, euskara hutsean. Euskara batuan idazten da aldizkaria. Dena den, hainbat kolaboratzaileek egindakoak eta jasotako iritziak, tarteka, bertako hizkeran azaltzen dira, bertako herritarrak bidalitakoak baitira eta haiek idatzitako moduan argitaratzen dira. Horren adierazle Hitz aspertuan atala da. Elkarrizketak ere elkarrizketatuaren hizkeran jasotzen dira. Elkarrizketatu ia guztiak Araitz eta Larraun haranetako bizilagunak izanik.
Eskualde honetan herri txiki asko dago eta hauetan gertatzen dena gainerako herritarrei azaltzen die Mailopek. Bertako Udalek ere herritarrei zabaldu nahi dieten informazioa aldizkari honen bidez egiten dute. Hauekin batera gai kulturalak, euskararen inguruko berriak, kirola, hileko pertsonaia, gaztetxoentzako atala, osasuna,... lantzen dira. Aldizkaria eskualdeko zerbitzu guztien erreferentea da: zerbaiten berri eman nahi dutenean, etxe guztietan banatzen da eta honek, zabaldu nahi den informazioa etxe guztietara iristeko ziurtasuna eskaintzen du.
Zabalkunde-eremu geografiko eta demografikoa
Mailope aldizkaria Araitz eta Larraun bailaretako etxe guztietan, doan, banatzen da. Osotara 1.600 ale banatzen dira hilero, horietako gutxi batzuk ( 40 inguru) posta arruntez bidaltzen dira. Urtean 11 zenbaki argitaratzen dira, hilero bat abuztua salbu.
Eskualde honetan populazioaren %80tik gora da euskalduna. Badira herri oso euskaldunak: Araitz bailara osatzen dutenak (%90etik gorakoak), Betelu eta Larraun bailarakoak (%85etik gorakoak) eta Lekunberrik biltzen du erdaldunen ehunekorik handiena. Hala ere, herri honetan ere euskaldunen kopurua %70 ingurukoa da.
Zabalkunde-moduak
Mailope aldizkaria Araitz eta Larraun bailaretako etxe guztietan, doan, banatzen da. Osotara 1.600 ale banatzen dira hilero, horietako gutxi batzuk posta arruntez bidaltzen dira.
Bestalde, online topa daiteke ISUU atarian (https://issuu.com/mailopealdizkaria) eta baita pdf formatuan ere Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateko webgunean (http://www.iparmank.eus/euskara/argitalpenak/mailope).
2018ko irailean www.mailope.eus ataria jarri zen martxan eta 2020. urtean sare sozialen lanketari ere ekin zaio, momentuz facebook-a da erabiltzen dena.
Dirección
Correo electrónico
Web