Nafarpres elkarteak Nafarroako Tokiko Prentsaren II. Jardunaldia antolatu du urriaren 16rako Civicanen
Nafarpres elkarteak Nafarroako Tokiko Prentsaren II. Jardunaldia antolatu du urriaren 16rako Civicanen.
Nafarroako tokiko prentsak II. Tokiko Prentsa Jardunaldia egingo du urriaren 16an, Nafarpres elkarteak antolatuta. Elkarte horrek Foru Komunitateko geografia osoan banatutako bederatzi tokiko hedabide biltzen ditu.
Komunikazioaren sektoreko profesionalei zuzendutako ekitaldia da, bereziki, tokiko komunikabideetan, eskualdeko prentsan, bai inprimatuan zein digitalean lan egiten duten profesionalei, komunikazio-agentzietako profesionalei, kontu-arduradunei eta komunikazioaren arlo guztietan ari diren ikasleei (kazetaritza, publizitatea eta harreman publikoak edo ikus-entzunezkoak).
Jardunaldi hauen helburu nagusia Nafarroako tokiko prentsa ikusaraztea da, baita komunikazioaren sektoreko profesionalentzako topaleku izatea ere.
Tokiko prentsari buruzko lehen azterlana
Tokiko Prentsaren II. Jardunaldia 09:30ean hasiko da inaugurazio ekitaldiarekin. Bertan izango dira Felix Taberna 1. lehendakariordea eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Berdintasun Kontseilaria eta Sandra Goldáraz Nafarpres Nafarroako Tokiko Prentsaren Elkarteko presidentea.
Segidan, Nafarroako Imeanticipa enpresak Nafarroako tokiko prentsari buruz egin duen lehen azterlana aurkeztuko da. 25 urte baino gehiagoko esperientzia du ikerketak egiten eta lehia-estrategiak garatzen, eta aurkezpenaren ondoko eztabaidaren ildo nagusiak markatuko ditu, tokiko prentsaren oraingo eta etorkizuneko erronkak jorratzeko.
Ponentziak eta tailerrak
Tokiko Prentsaren II. Jardunaldi honetako lehen hitzaldiak izenburu hau izango du: Komunikabideak landa-garapenean. Luis Antonio Sáez Pérez Zaragozako Unibertsitateko Ekonomia Aplikatuko irakasleak eskainiko du.
Ondoren, Ana López Jiménez kazetari mugikorrak, Mojo Trainer-en multimedia edukien ekoizleak, Mugikorra tokiko informazioa egiteko tresna gisa izeneko hitzaldia emango du, eta bide emanen dio aldaketa teknologikoei eta komunikatzeko modu berriak artikulatzeko aukerei buruz hausnarketari.
Goizeko saioa amaituta, eta bazkaltzeko atsedenaren ondotik, 16:15ean, Jardunaldiak tailer praktikoekin segituko du. Lehenengoa, Adimen artifiziala eta nola aplikatu edukien sorkuntzan izenekoa, Joan Martínek emango du, Enpresa Zientzietan diplomaduna, Marketinean eta MBAn espezializatua Bartzelonako Enpresen Administrazio Eskolan (EAE) eta MarfiCom online marketin eta komunikazio agentziaren sortzaileetako bat.
Jardunaldia Nafarpres aldizkari inprimatuen diseinu eta maketazio analisia izenburuko programatutako bigarren tailerrarekin amaituko da. Bertan, Iñaki Iturbek, Goienako diseinatzaile grafikoak, Nafarpreseko kide diren argitalpenak aztertuko ditu, hala nola Plaza Nueva, La Voz de la Merindad, Ttipi-Ttapa, Guaixe, Mendixut, Txantrean Auzolan, Mailope eta Izarbeibarreko eta Lizarrerriko Entreto2-Auzolan aldizkariak.
Nafarpres
Nafarpres Nafarroako tokiko prentsaren elkarteak 2006ko abenduan hasi zuen bere ibilbidea, herritarrengandik hurbilen dagoen ikuspegitik tokiko prentsa eta informazioa sustatzeko helburuarekin.
Gaur egun bederatzi tokiko hedabidek osatzen dute elkartea, Nafarroa Garaiko iparraldetik hegoaldera: Baztan, Bertizarana, Bortziriak, Malerreka, Leitzaldea, Urumealdea, Xareta, Araitz, Betelu, Lekunberri, Larraun, Sakana, Pirinioak, Txantrea, Tafalla eta Nafarroa Erdialdea, Izarbeibar, Lizarrerria eta Erribera.
Izen-emateak
Nafarroako Tokiko Prentsaren II. Jardunaldian izena ematea doakoa da, eta 2023ko urriaren 15era arte (igandea) zabalik dago epea, elkartearen web orriaren bidez.